XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4. Boterearen arazoa

Filosofo berriek, saihets guztietatik, planteatzen duten arazoa boterearena da.

Tradizio marxistak uste hau sartu du gure pentsamoldean: boterea, agintea, agintaria, ekonomi indarren, harreman sozialen kontradikzioen arabera doazela.

Base ekonomiko-sozialak markatzen duen doinua dantzatzen du aginte politikoak.

Eta tesi hau jeneralizatu da filosofo berriek zuzen zuzenean ukatzen dutena.

Boterea ez da epifenomeno bat.

Ekonomiak badu dudarik gabe eraginik politikan.

Baina arlo politikoak bere independentzia eta beregaintasuna du.

Ondorio hori atera behar litzateke, boterearen funtzionamendu historikoa ikusirik.

Harreman sozialak eta errejimen sozio-ekonomiko desberdinen edo eraldatuen edo iraulien gainetik jokabide berdintsuak aurkitzen dizkiogu botereari.

Aldaketa benetan sakonik ezin daiteke itxaron.

Hala ere, nire ustez, filosofo berrien botere teoria beltz, negatibo eta beldurgarri horrek egiten duen bezala, ez dira errejimen politikoen desberdintasunak ezabatu behar.

Hitler, Stalin, Franco, Churchil, De Gaulle, Mao, Breznev, Suarez, Andreotti, Carter, Videla, Pinochet, ez dira berdinak.

Gutxiagorik ere.

Boterearen esentzia beltzaz mintzatuko litzatekeenarentzat bakarrik dira berdinak.

Filosofo berriek horrelako esentzia batekin jokatzen dutela uste dut.

Metafisikaren ukatzaile metafisiko ote?.

Baina benetakoa da boterearen arazoa: absoluto izan nahia, totalitario izateko joera, gizarte ehunaren zelula guztiak kantzer batek bezala jateko irrika.

Administrazioaren baitan badago zerbait, gizarteari zor zaion zerbitzu tekniko, egoki, eta sotila izan beharrean, gizartearen zanpatzaile eta jauntxo izatera bultzatzen duena.

Botereak badu, nonbait, agintedunaren borondate on eta txar guztien gainetik, objetiboki totalitario izatera, diktadurara makurtzen duen zerbait.

Jakintzak, humanistak nahiz estrukturalistak, badute lanik boterearen mekanismoak ezagutzen.

Amets egiteko baimena kendu digute filosofo berriek, boterearen berezko joera edo izaera totalitarioaz mintzatzean, eta boterearen eskarmentu historikoa gogoratzen digutenean.

Filosofo berriak ez dira historiara pasatuko zerbait berririk asmatu dutelako.

Gehienbat betiko arazoak birplanteatu besterik ez bait digute egin.

Baina hori bai: zorrotz, eta garratz, umore txarrez eta estalkirik gabe, garrasika eta ia etsita.